lunes, 28 de noviembre de 2016

Oroitzapenetan bidaiatzen



Hasteko, Astradubuako haurreskola batean hasi nuen nire haurtzaroa beste 15 kideekin batera, momentu horretan nire gurasoen eta nire arteko banaketa gertatu zen. Lehenengo hilabetea gogorra izan zen denontzat, egokitzapen aldiagatik. Denbora asko behar izan nuen haurreskolari, irakasleei eta beste umeei moldatzeko, horregatik ez dut denbora tarte horren oroitzapen onik. Denbora aurrera zihoala egoera hobetu egin zen eta nire lehenengo harremanak eta kontatuak izaten hasi nintzen. Bertan urtebetetzeak, inauteriak, gabonak eta gustuko nituen beste hainbat ekintza ospatzen genituen. Egunero gure sormena lantzen genuen, eraikuntzak sortuz, soinu berriak asmatuz … Hango irakasleak tratu ezin hobea eskaintzen zigun, batez ere Alaznek, ez dut inoiz ahaztuko. Irakaslearen papera oso garrantzitsua da euren gidaria, laguntzailea … izango delako etapa osoan.

Jarraituz, 2 urterekin haurreskolako aldia amaitu zen eta Altzaga ikastolara eraman ninduten garapenari eta ikaskuntzari jarraipena emateko. Bertan kide eta irakasle berriak ezagutu nituen eta nire harremanak handitzen joan ziren. Gelan, nahiz eta urte bereko haurrak izan izugarrizko aldea zegoen garapenaren aldetik. Gure gela hainbat txokoetan bananduta zegoen; irakurketarako txokoa, mozorrotzeko txokoa (gehien gustuko nuena), eraikitzeko txokoa, musikazko txokoa, lo egiteko lekua… Gelaz aparte, kanpoan beste hainbat ekintza egiten genituen gure ezagutza handitzeko eta askotan gurasoek esku hartzen zuten. Kanpoko eraikinean ortu bat geneukan eta astero bertara joaten ginen barazkiak ureztatzera edota landatzera. Talde bakoitzak astero funtzio bat zeukan eta bereizteko kolorezko poltsak erabiltzen genituen. Etapa honetan jolas orduak funtsezkoak ziren gure harremanak handitzeko, irudimena sustatzeko … eta hainbat jolas ezberdin asmatzen genituen. Ez dut inoiz ahaztuko euskara sustatzeko egiten genituen ekintzak. Patioan, jantokian, komunetan, autobusean, gelan … euskaraz hitz egiten bagenuen eta momentu horretan edozein irakasleak entzuten bazuen txapa moduko bat ematen zigun. Txapak zeraman marrazkia barraskilo bat zen. Hilero ekintza ezberdinak egiten genituen Euskal kulturarekin erlazionatuak zeudenak, hala nola, Olentzero, tamborrada, ikastolaren astea …

Arratsaldetan, bazkaldu ostean eskolaz kanpoko ekintzetara joaten nintzen klaseko lagun batzuekin. Astean behin ingelesa egiten nuen eta beste egun batean eskulan tailerrera joaten nintzen. Asteburuetan izugarrizko irteerak egiten genituen; mendira joaten ginen, elurretara … klaseko lagunak eta haien gurasoak ere.

Amaitzeko, esan beharra dago gustura sentitu naizela laburpentxo hau egiten, burura etorri zaizkidalako mota guztietako oroitzapenak eta idazten nengoelarik gehiago bururatzen zitzaizkidan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario